Adibide hau jarraitzen egin ezazu zure gelako deskribapena:
NIRE LOGELA
Nire logela nahiko handia da. Lehen nire anaiak eta biok egiten
genuen lo. Baina nire anaia ezkondu da eta orain neu bakarrik nago logelan.
Errektangeluarra da. Alde txiki batean atea dago eta beste alde
txikian hiru leiho. Oso argia eta alaia da. Atean "Oskorri"ren poster
bat dago zintzilik. Herrian abestu zutenean anaia eta biok joan ginen eta bion
artean erosi genuen.
Hormak papereztaturik daude. Ezkerreko horman poster handi bat
daukat: paisaia ederra azaltzen da. Niri asko gustatzen zait natura: mendiak,
pinuak, errekak.
Sabaia pintatuta dago eta sabaiaren erdian metalezko lanpara bat
dago. Normalean ez dut pizten, gehiago gustatzen zaidalako mesanotxeko argi
txikia piztea irakurtzeko. Zolua zurezkoa da eta ez du tapizik. Amak ez du
tapizik nahi, dena zikintzen dudala esaten duelako.
Leihoen
azpian idazmahai bat dago. Hementxe ikasten dut egunero, leihotik begiratzen ez
dudanean: leihotik eskola bateko patioa ikusten da eta sarritan geratzen naiz
patioko umeei begira.
Ezkerreko horman armairua dago eta ondoan ohea eta mesanotxea. Ohe
txikitxoa da, koltxoi bigunarekin. Eskuineko horman liburutegia dago eta bertan
liburu asko, zintak eta abar, nahiko desordenaturik. Zintak ez dira nireak:
normalean lagunek uzten dizkidate edo-eta grabatu egiten ditut, oso garestiak
direlako.
Hauxe da nire logela. Niri izugarri gustatzen zait eta ordu asko
ematen dut barruan. Lehen egun osoa ematen nuen kalean, baina orain gutxiagotan
ateratzen naiz kalera. Gurasoek galdetzen didate ea zer egiten dudan hainbeste
denboratan gelan sartua. Eta nire erantzuna beti izaten da: "Egon".